Edukira joan

Euskal Herriko klima

Wikipedia, Entziklopedia askea

Euskal Herriak, nahiz eta lurralde txikia izan, klima dibertsitate handia du.

Euskal Herriko kliman eragina duten faktoreak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

3 elementu nagusik dute eragina Euskal Herriko kliman:

  • Itsasoaren hurbiltasun/urruntasuna
  • Erliebea (edo altitudea)
  • Latitudea

Itsasoaren hurbiltasun/urruntasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Golkoko korrontea Atlantiko iparrean.

Itsasoak tenperaturei dagokienez, badu ezaugarri garrantzitsu bat, bere ahalmen termoerregulatzailea. Urak inertzia termiko handiagoa dauka lurrak baino, hau da, urari gehiago kostatzen zaio berotzea baina baita hoztea ere. Horregatik, itsasotik gertu dauden tokietan tenperaturak ez dira izaten muturrekoak, hau da, udak zein neguak epelak direla esan daiteke. Itsasotik urrundu ahala, berriz, ahalmen termoerregulatzaile hori gutxitu egiten da, tenperaturak muturrekoagoak bihurtzen dira.

Gainera, Euskal Herrian eta Europako mendebaldean, itsasoaren hurbiltasunak beste faktore bat gehitzen die ezaugarri klimatikoei: Golkoko itsaslasterraren eragina. Itsaslaster bero hori Mexikoko golkoan sortzen da eta Ozeano Atlantiko osoa zeharkatu ondoren, Europa mendebaldeko kostara heltzen da. Itsas korronte horrek eragin oso garrantzitsua dauka Europako mendebaldeko kliman, tenperaturak asko leuntzen baititu. Esaterako, Euskal Herria New Yorken latitude antzekoan dagoela esan dezakegu, baina gure neguak New Yorkekoak baino epelagoak dira, itsas-korronte horri esker.

Erliebea ere faktore garrantzitsua da kliman. Honek, batez ere prezipitazioen banaketa baldintzatzen du. Euskal Herria, lurralde menditsua izanik faktore honek garrantzi handia du prezipitazioen banaketan. Mendi garaienak lurraldearen erdialdean daude ekialdetik mendebaldera, hau da, Euskal Herria bi zatitan banatzen du Kantauri isurialdea eta mediterranear isurialdea. Honela ipar eta ipar-mendebaldeko haizearekin prezipitazioak Kantauri isurialdean izaten dira batez ere, hegoaldean aldiz eguraldi idorragoa eta epelagoa. Hego eta hego-mendebaldeko haizearekin kontrako egoera izaten dugu. Fenomeno hau Foehn efektu izenaz da ezaguna.

Erliebeak tenperaturan ere badu eragina, altuerarekin batez beste tenperaturak 0,6 °C jaisten direlako 100 m-ko.

Erliebe egiturek mikroklimak eratzen dituzte, haranetan esaterako behe lainoaren formazioa ahalbidetzen du.

Euskal Herria 42º eta 43º 50' bitarteko ipar latitudean dago, hau da, Lurraren eremu epelean. Lurraren inklinazioak eta gauden latitudeak hainbat urtaro izatea ahalbidetzen du. Neguan, eguzki izpiak zeharka iristen dira; udan, aldiz, goitik behera zuzenean.

Euskal Herriko klima motak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Köppen-en sailkapenaren arabera 3 klima mota eta trantsizio klimatiko eremu bat bereiztu daiteke Euskal Herrian.

Klima ozeanikoa (Cfb)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Köppen-en sailkapenaren arabera, klima honen ezaugarri garrantzitsuenak hauek dira:

  • C: Klima epela. Bere hilabete hotzeneko batez besteko tenperatura 18 °C eta 0 °C artekoa da eta hilabete beroenekoa 10 °C baino altuagoa. Prezipitazioak lurruntzen den ura baino gehigo dira. Klima honetan baso mesotermikoak aurkitzen dira.
  • f: Prezipitazioak erregularrak urte guztian zehar, beraz, ez dago aro lehorrik.
  • b: Uda leunak, hau da, hilabete beroeneko batez besteko tenperatura 22 °C baino gutxiago da. Gainera, hileko batez besteko tenperaturak 10 °C baino gehiago dira, gutxienez 4 hilabetez.

Klima horren ezaugarriak, Euskal Herrian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tenperatura: Klima honen ezaugarri nagusiena tenperaturaren ikuspuntutik bere leuntasuna da. Hilabete hotzenean batez besteko tenperatura 4 eta 9 °C artekoa izaten da, hilabete beroenekoa aldiz 18 eta 21 °C artekoa. Honela, urteko batez besteko tenperatura 11 eta 14 °C artekoa da. Hotzagoa ala beroagoa altitudea eta itsasoaren hurbiltasunaren araberakoa da. Izotzari dagokionez, 0 °C neurtzen diren egunak ez dira asko izaten kostaldean, urtean 10 egun baino gutxiago. Barnealdeko haranetan eta batez ere Sakanan eta toki hozpelenetan 50 egun baino gehiago ere izaten dituzte (esaterako Altsasuk 52 egun).

Klima ozeanikoa Euskal Herrian.

Prezipitazioa: Parametro honen ezaugarri nagusia bere erregulartasuna da. Urtaro guztietan izaten dira prezipitazioak, eta ondorioz ez dago aro lehorrik. Klima ozeanikoa duten Euskal Herriko lurraldeetan 1000 mm-tik gora prezipitazio izaten dira urtean. Toki batzuetan askogatik gainditzen dira 1000mm horiek, esaterako Nafarroa, Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan. Zonalde hau da Euskal Herriko ingurune hezeenetariko bat eta Artikutzan esaterako urtean batez beste 2500 mm prezipitazio batzen dira. Zonalde geografiko honetan, 1.000 metro baino gehiagoko garaietan (Malerreka, Baztanaldeko eta Baigorri eskualdeko mendi garaienetan) 3.000 mm-ko prezipitazioetara iristen dira, baita gainditu ere Malerreka iparraldeko tontor altuenetan (Mendaur, Mendieder, Ekaitza, Lohitzate...).

Berezitasun Klimatikoa: Enbata: Bizkaiko golkoko kostaldean gertatzen den bat-bateko itsasoko haize-bolada hotz eta gogorrari deitzen zaio. Haize mota hau bereziki udaberri eta udazken bitartean sortzen da.

Sakontzeko, irakurri: «Enbata»

Euskal Herrian, klima mota hori kantauriar isurialde osoan izaten da, bai eta Nafarroako Sakanan ere. Adibidez, Altsasun eta Biarritzen:


Altsasuko taula klimatikoa (itsas mailatik 522 m gora)
1921-2004 Urt. Ots. Mar. Api. Mai. Eka. Uzt. Abu. Ira. Urr. Aza. Abe. Urtea
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 7.9 9.6 12.6 14.5 18.4 22.2 24.9 25.3 22.2 17.1 11.6 8.4 16.2
Batez besteko tenperatura (°C) 4.6 5.6 7.9 9.6 13.0 16.4 18.7 19.0 16.4 12.5 7.8 5.2 11.4
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 1.2 1.6 3.3 4.7 7.5 10.6 12.5 12.8 10.6 7.9 3.9 2.1 6.6
Prezipitazio kopurua (mm) 151.0 126.0 123.8 125.9 108.9 68.7 42.7 45.2 78.0 126.9 154.4 165.5 1317.0


Biarritzeko taula klimatikoa (itsas mailatik 69 m gora)
1961-1990 Urt. Ots. Mar. Api. Mai. Eka. Uzt. Abu. Ira. Urr. Aza. Abe. Urtea
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 11,6 12,6 13,8 15,3 18,3 20,9 23,5 23,7 22,9 19,7 14,7 12,0 17,4
Batez besteko tenperatura (°C) 8,1 9,0 10,0 11,7 14,6 17,3 19,8 19,9 18,6 15,6 11,0 8,5 13,7
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 4,5 5,3 6,1 8,2 10,9 13,7 16,0 16,1 14,3 11,5 7,3 5,1 9,9
Prezipitazio kopurua (mm) 143,2 122,7 121,7 132,9 121,0 90,9 65,1 102,3 124,6 135,7 174,2 148,7 1 482,9

Mediterranear klima (Csa)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Köppen-en sailkapenaren arabera, klima honen ezaugarri garrantzitsuenak hauek dira:

  • C: Klima epela. Bere hilabete hotzeneko batez besteko tenperatura 18 °C eta 0 °C artekoa da, eta hilabete beroenekoa 10 °C baino altuagoa. Prezipitazioak lurruntzen den ura baino gehiago dira. Klima honetan baso mesotermikoak aurkitzen dira.
  • s: Uda lehorra da. Prezipitazio urritasuna nahiko argia da, eta tenperatura altuenen aroan izaten da. Urtaro euritsuenak ez du zertan neguak izan behar.
  • a: Subtropikala. Uda beroa da eta hilabete beroeneko batez besteko tenperaturak 22 °C-ko tenperatura gainditzen du. Gainera, hilabeteko batez besteko tenperaturak 10 °C baino altuagoak dira gutxienez 4 hilabetez.

Klima horren ezaugarriak, Euskal Herrian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tenperatura: Euskal Herrian tenperatura anplitude handiena izaten den zonaldea da, hau da, neguak nahiko hotzak izaten dira, batez beste 5 °C hil hotzenean; udak, aldiz, Euskal Herriko beroenak dira, hilabete beroeneko tenperaturak 22 °C baino altuagoak izanik. Urteko batez besteko tenperatura 13-14 °C inguru da. Izotz egunak nahiko arruntak dira azarotik martxora, eta batez beste 20-40 izotz egun izaten dira urtean.

Mediterranear klima, Euskal Herrian

Prezipitazioak: Euskal Herriko ingurunerik lehorrena da eta uda lehorra izaten dute. Urtaro hezeenak udaberria eta udazkena dira eta lehorrenak negua eta uda. Bereziki uda, tenperatura altuen eta prezipitazio eskasiaren eraginez lehortasuna areagotzen baita. Batez beste 400 mm prezipitazio izaten dira urtean.

Berezitasun klimatikoa: Ziertzo: Ebroko haranean izaten den ipar-mendebaldeko haize fresko bortitz bat da. Urteko edozein hilabetetan izan daiteke, baina oro har neguan eta udaberrian azaltzen da.

Sakontzeko, irakurri: «Ziertzo»


Euskal Herrian, klima mota hori Ebro isurialdearen hegoaldean izaten da, hau da, Arabako Errioxan eta Nafarroako Erriberan. Adibidez, Sartagudan:


Sartagudako taula klimatikoa (itsas mailatik 311 m gora)
1920-2004 Urt. Ots. Mar. Api. Mai. Eka. Uzt. Abu. Ira. Urr. Aza. Abe. Urtea
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 9.3 11.8 15.4 17.8 22.0 26.3 29.5 28.9 24.9 19.3 13.3 9.6 19.0
Batez besteko tenperatura (°C) 5.5 7.0 9.9 12.2 15.9 19.8 22.4 22.1 18.8 14.1 8.9 6.1 13.6
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 1.6 2.2 4.3 6.6 9.8 13.2 15.3 15.3 12.7 8.9 4.6 2.6 8.1
Prezipitazio kopurua (mm) 34.0 27.9 33.7 46.7 56.0 49.9 28.0 27.4 43.7 41.6 48.3 39.4 476.5

Mendialdeko klima (Dfb)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian 1200m-tik gorako tokietan klima hau aurkitzen dugu. Köppen-en sailkapenaren arabera klima epel-hotza da.

  • D: Epel-hotza. Hilabete hotzeneko tenperatura 0 °C baino baxuagoa da eta beroenekoa 10 °C baino altuagoa. Prezipitazioak lurrundutakoa baino gehiago dira.
  • f: Prezipitazioak erregularrak urte guztian zehar, beraz, ez dago aro lehorrik.
  • b: Uda leunak, hau da, hilabete beroeneko batez besteko tenperatura 22 °C baino baxuagoa da. Gainera, hileko batez besteko tenperaturak 10 °C baino altuagoak dira gutxienez 4 hilabetez.

Adibidez, Orreagan:

Orreagako taula klimatikoa (itsas mailatik 963 m gora)
1974-1996 Urt. Ots. Mar. Api. Mai. Eka. Uzt. Abu. Ira. Urr. Aza. Abe. Urtea
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 5.0 6.5 9.2 10.8 15.4 19.1 22.1 22.0 18.9 13.8 8.8 6.0 13.1
Batez besteko tenperatura (°C) 1.8 2.8 4.9 6.3 10.3 13.8 16.7 16.7 13.9 9.7 5.4 2.9 8.8
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) (-)1.5 -0.9 0.7 1.7 5.2 8.5 11.2 11.4 9.0 5.7 1.9 -0.2 4.4
Prezipitazio kopurua (mm) 267.2 241.9 221.5 243.9 183.0 96.7 83.7 93.3 112.5 200.0 244.3 248.9 1597.8

Iturria: Espainiako Meteorologia Agentzia[1]

Mendialdeko klima Euskal Herrian

Klima horren ezaugarriak, Euskal Herrian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tenperatura: Klima hotzena da guztietan. Urteko batez besteko tenperatura 7-9 °C ingurukoa da. Neguan, batez besteko tenperatura 0 °C-tik behera izaten da, eta udan 15-18 °C inguruan. Izotz egunak ere ugariak izaten dira, 100 egunetik gora toki askotan.

Prezipitazioak: Prezipitazioak ere ugariak dira. Leku askotan 1500-2500 mm prezipitazio jasotzen dira batez beste urtean, horietako asko gainera elur bezala neguan, batez beste 20 egun baino gehiagotan. Aizkorri eta Aralarreko mendilerroan 2000-2500 mm arteko prezipitazioa jasotzen da. Gorbeialdeko eta Urkiola aldeko tontorretan (Anboton) ere 2.000 mm baino gehiagoko prezipitazioak pilatzen dira. Zuberoako eta Nafarroa Garaiko pirinioetako mendi garaienetan (Larra-Belaguako mendi tontorretan batez ere) pilatzen da klima honetako eta Euskal Herri osoko prezipitaziorik altuena, 3000 mm-ko prezipitazioak erraz gaindituz. Ez dago urtaro lehorrik, nahiz eta udan prezipitazioak urriagoak izan.

Euskal Herrian, batez ere Pirinio aldean dugu mendialdeko klima. Baita ere, bigarren mailako mendilerro batzuetan, hala nola, Aizkorrin, Gorbeian, Urkiolan, Urbasa-Andimendin, Aralarren, Kantauriar mendilerroan eta abarretan.

Trantsizio klima (Cfb eta Csa artekoa)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Klima trantsizio eremua, Euskal Herrian

Klima hau Cfb eta Csa artean izaten da. Iparraldetik hegoaldera egin ahala, prezipitazioak geroz eta urriagoak dira eta tenperaturak muturrekoagoak, hau da uda beroagoak eta negu hotzagoak, itsasoaren ahalmen termoerregulatzailearen eragina txikiagoa delako. Arabako lurralde gehienak eta Nafarroako erdialdeak dute klima hori. Adibidez, Gasteizen:

Gasteizko taula klimatikoa (itsas mailatik 513 m gora)
1973-2000 Urt. Ots. Mar. Api. Mai. Eka. Uzt. Abu. Ira. Urr. Aza. Abe. Urtea
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 8.3 10.5 13.3 14.5 18.7 22.0 25.3 25.7 23.2 17.5 12.1 9.0 16.8
Batez besteko tenperatura (°C) 4.7 5.9 9.2 12.2 12.9 15.9 18.7 19.1 16.6 12.4 7.9 5.6 11.5
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 1.0 1.4 2.4 3.9 7.1 9.8 12.1 12.5 10.1 7.2 3.6 2.2 6.1
Prezipitazio kopurua (mm) 76 65 61 86 70 51 43 45 42 74 89 80 779

Iturria: Madrilgo Complutense Unibertsitatea[2]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]